Zer da GeoGebra?

Markus Hohenwarterrek hasiera eman zion, geometria eta aljebra batzen dituen proiektu matematiko honi, 2001. urtean Salzburgoko unibertsitatean, Master Amaierako Lana bezala aurkeztu zuenean. 


GeoGebra software libreko programa bat da, sistema operatibo guztietan erabiltzeko aukera eskaintzen duena. Programa hau matematikako irakasgaian hezkuntza maila guztietan erabiltzeko sortua izan zen. Honen bidez, irakasleak kontzeptu ezberdinak azaltzen dituen heinean (batez ere aljebra eta geometria atazekin zerikusia dutenak), ikasleek horiek guztiak barneratu ditzakete ukituz, mugituz, eraldatuz eta sortuz, milaka aukera eskaintzen dituen programa matematiko honi esker. 

Munduan elkarte ezberdinak sortu dira, baliabide hau eskoletako geletan barneratzeko eta irakasleek ahalik eta modu errazenean erabili ahal izateko. Talde hauetan irakasle ikertzaile batzuk batzen dira eta erkidego bakoitzeko ikasle eta irakasleak babesten dituzte matematiken hezkuntza arloan. Irakasle talde horiek, GeoGebra Institutu Internazionalak osatzen duen sarearen kide bezala, tailer eta proiektu ezberdinak antolatzeaz eta bideratzeaz gain, hezkuntza material ezberdinak sortu eta elkartrukatzen dituzte. 


GeoGebra elkarteen egoitzak


Programa hau Geometria Dinamikoa Sistemaren barruan sartuta dago. Nick Jackiwek eta Steve Rasmussenek sortutako termino honek (Goldenberg & Cuoco. 1988: 351) erabiltzaileak elementuak eraldatzeko aukera eskaintzen duten geometria programa informatikoei, erreferentzia egiten die. Programa hauen bidez eraldaketak momentuan ikusten dira eta nahi diren aldaketa eta mugimendu guztiak egiteko aukera dago. Horrela, erabiltzaileek, kasu honetan irakasleek edo ikasleek, zuzenean ikusi ahal izango dute ariketetan, elementuren baten ezaugarriren bat aldatzerakoan zer nolako itxura hartzen duen.

Sistema honen barruan dauden programak, GeoGebra, lan honen ardatza izango denaz aparte, Cabri , Calques 3D eta Cinderella topa ditzakegu beste batzuen artean. Software hauen bidez, geometriaren kontzeptuak ulertzeko erraztasuna lortuko da, argitasuna delako programa hauen ezaugarrietariko bat, ikasleari behar beste frogapen eta eraldaketa egiteko aukera eskaintzen dizkiolarik. 


Cinderella

Calques 3D
Cabri



GeoGebrak etengabeko garapena bizi du, 2001. urtean lehenengo eredua sortu zenetik gaur egun arte 7 bertsio ezberdin aurkeztu dira eta momentu honetan beste biren inguruan lan egiten dabiltza. Eredu bakoitzak berrikuntza ezberdinak aurkezten ditu, baina ezaugarri nagusiak berdinak izaten jarraitzen dute: erabilera erraza eta praktikoa duen programa da, estetika zaindua duena, pedagogia alorrean aukera anitzak eskaintzen dituena eta uneoroko garapena duena. 

Programa dinamiko hau sortzearekin batera, plataforma ezberdinak sortu egin ziren, non programarekin bideratzeko ariketa eta jarduerak batzen diren. Plataforma horien artean Gauss proiektua aurkitzen da. Proiektu hau INTEFek sortutakoa da. Honen bidez, irakasleei GeoGebra programaren applet batzuen bitartez, item didaktiko ezberdinak eskaintzen zaizkie, matematikako alor guztiak batzen dituztenak, Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara. Aurkezten diren applet horiek sortuak izan dira, bai ordenagailu zein arbela digitalaren bidez erabili ahal izateko, eskoletan dagoen matematika irakasteko eredu hori guztiz aldatzeko, modu sortzaile baten bidez irakatsi eta ikasteko. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina